Kanpamentu biralak
Haizea Barcenilla
Errefuxiatu guneak, favelak eta haiek inguratzen dituzten hormak aurkezten ditu Arrazolak. / JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS
'Básicos'. Txaro Arrazola
Non: Bilboko Vanguardia galerian. Noiz arte: ekainaren 14ra bitarte.
http://paperekoa.berria.info/plaza/2011-05-21/041/002/kanpamentu_biralak.htm
Non: Bilboko Vanguardia galerian. Noiz arte: ekainaren 14ra bitarte.
Harresiak eraikitzen ditugu. Batzuk agerikoak dira, Israelgo lotsaren horma bezala. Beste batzuk ezkutuago daude, ez dira horren fisikoak. Erdi Aroko harresiekin gertatzen zen bezala, bi funtzio betetzen dituzte. Batetik, etsaiak ez sartzeko balio dute. Kanpoan atxilotzen ditu. Bestetik, barneko espazioa zentzu guztietan mugatzen dute, honen erregelak, kontrolak eta lekuak ezarriz. Azken finean, harresiek espazioa hierarkizatu egiten dute, banatu, kontrolatu eta ordenatu. Eta XV. mendeko zerbait direla uste duenak bere inguruneari begiratzea besterik ez du, eta naturaltzat onartu dituen muga asko aurkituko ditu.
Eta, bestela, beti du Básicos (Oinarrizkoak) Txaro Arrazolak Vanguardia galerian aurkezten duen erakusketa bisitatzeko aukera, bertan eredu garbiak baitaude. Zazpi koadrotan irudikatuak, errefuxiatu kanpamentuak, favelak, kartoiz egindako herrixkak aurki ditzakegu, kasu guztietan hesi, harresi, murru eta hormen atzean. Latinoamerikako hainbat hiritako inguru dotoreetatik so eginez dagoen ikuspegia dirudite batzuek, gizartearen gotorlekutik, zelatari-dorreetatik piztien erreinura begiratuko balitz bezala; beste batzuek, desertu paisaian, aireak jaurtitzen dituen harea-pikorrek erasanak, abandonatutako espazioen aura hartzen dute, inguru kutsatu baterako bidea eragozteko egindako murruek itxita. Kasu guztietan, pobrezia aberastasunetik banatzeko egindako partizio arkitektoniko zein psikologikoak. Kanpamentuaren masari beldurra barnean heltzen duena.
Barkatuko didazu, irakurle, behingoz digresio bat egiten badut erakusketa aretotik kanpora begiratzeko, Txaro Arrazolaren lana buruan izanda beste kanpamentu bat ezin dudalako ahaztu, muga zehatzik gabe eta prekarioki Madrilgo Puerta del Solen kokatu dena. Zehazki, politikariek egindako komentarioak datozkit gogora, partidu handi batek eta besteak bildutako lagunen boza eskatzeko egindako adierazpenak, ezer ere ulertu gabe, ontasuna, ogasuna eta justiziaren zatiketa bozketaren bidez banatuko balitz bezala. Orain ere, murru bat eraiki nahiko lukete zenbaitek, ezaguna duten injustiziatik aldendu eta defendatzeko. Mugarik gabeko gizarte antolakuntzek barreiatzeko eta garatzeko aukera gehiago baitituzte; Erdi Aroko hiriak, berriz, beren harresien perimetrora mugatu behar dira.
Oinarrizkoa da, bai, Txaro Arrazolak dakarrena: gizarte banaketa kapitalista, bidegabea eta pobretua, lekuak ondo zehaztu eta banatu nahi dituena. Hots, gure gizartearen oinarri-oinarrian kokatzen den mundua antolatzeko modua, batzuen onerako eta askoren kalterako. Hizkuntza plastikoa erabiltzen du Arrazolak hori erakusteko, mihise handi batzuen bidez, bai formatuan bai teknikaren erabileran oinarrizkoak ere. Ez dute artearen definizioa kolokan jartzen, ez dira zentzu horretan berritzaile eta apurtzaileak, baina bere ingurune globalaren ikuspegi zuzen eta erabakigarria dakarte. Pintzelada lodia da, plano zabaletan barreiatutakoa, marrarik gabeko figurek beraiek mugei ezetza esango baliete legez. Izan ere, favela erakusten duen margolanean, eraikuntzak masa zehaztugabea bihurtzen dira, espazio guztia hartzen doana, perspektiban gora eta gora, bi dimentsioko mihisean gainezka eta gainezka. Dagozkion espaziotik irtetera heltzen dira, markorik gabeko lanetako alboetatik ateraz, pareta osoa hartu nahian. Kontraesan esanguratsua da, margolanaren lehen planoan hesia edo murrua agertu ohi den bitartean beste mihise osoak kanpamentuari, prekario, pobretu eta hauskorrak diren eraikuntzei hedatzeko lekua ematen diela; murruek beren atzean agertzen den guztia ezkutatu eta itxi ezingo dutelakoan.
Aldi berean, pobreziaren gogortasun eta presentzia hain indartsua dela esaten digu, zein ezin den honen espazioa marrazten bukatu. Gero eta handiagoa da, difuminatua eta masa osoa osatzen duena, eta muga arkitektonikoek ez dute haren existentzia kamuflatu ahal izango.
Ederrak eta gogorrak, klasikoak eta gaur eguneko pil-pilekoak dira Txaro Arrazolaren lan hauek. Irudiak ez dira bortitzak, ez dago gosez hiltzen ari den umerik, ezta tiro batez akabatutako favelako gazterik ere; izan ere, ez dago inor. Pertsonen presentzia haiek babesteko eraikitzen dituzten txabola, denda, kartoizko etxeen bitartez adierazten da, haien babesgabetasunaren adierazgarri direnak, babesa ematen badiete ere.
Ez da dramarik behar, errealitatean txertatuta dago. Irudiek ez dute shock-ik probokatzen. Gaia bezala, oinarrizkoak dira, zuzenak, gizakiaren behar txikienei zuzentzen zaizkie: etxe bat, lur bat, lan bat. Munduko pobretuak, favelak bezala, masa batez agertzen dira, ez agertuz. Ez dira Jose, Demba edo Mohammed: askoz ere gehiago dira eta ez dute aurpegirik. Aurpegi bakarra ikuslearena da, eta erraz ikus dezake bere buruaren irudia Arrazolaren edozein koadrotan.
http://paperekoa.berria.info/plaza/2011-05-21/041/002/kanpamentu_biralak.htm